Natura Argazkitan: hasiera
natura behatu, ulertu eta errespetatu
Natura
Argazkitan nire web gunean dagoen ingurumenaren atari
txiki bat da, gertuen dagoen natura eta basabizitza gure
egunerokora hurbiltzeko helburuarekin eta naturaren eta gizartearen
arteko lotura galdua birsortzeko asmoz. Batzuetan ahaztu
egiten zaigu naturaren parte garela. Izan ere, geure habitata da,
baita gurekin bizi diren gainerako bizidunena
ere. Naturarekiko heziketa eta sentsibilizazioa gure
egunerokoaren parte izan behar da. Egunez egun elkarrekin bizi
behar dugun natura behatzea, ulertzea eta errespetatzea funtsezkoa
da gure etxea egoera ezin hobean mantendu nahi badugu
Garrapoa
(Sitta europaea)
Neure izena Iskander da, eta
Bizkaia erdialdeko herri txiki batekoa naiz, Larrabetzukoa hain
zuzen ere. Herri honek, Gorbeia eta Urkiolako parke naturalak zein
Bizkaiko kostaldea ditu bizilagun. Eta naturarekiko hurbiltasun
honek, hain zuzen ere, bere edertasunarekiko pasioa piztu zidan
txikitatik. Ordutik hona, nire ikasketa eta lanbidea biologiaren
arloan zentratu dira. Errespetuz egindako behaketek aukera eman
didate izadia bere distira osoan bizitzeko, oharkabean natura
barnean ibili eta basabizitzaren alderik xamurrena
harrapatuz.
Hartz arrea
(Ursus arctos)
Naturaren uneak antzematea ez da
beti erraza, natura apetatsua eta batzuetan behatzeko zaila da.
Hala ere, guregandik oso gertu dagoen natura dugu, eta horrekin
goza dezakegu. Hurbileko natura honek segundo gutxi batzutan
harrapatuko gaitu, natura guztia, berdin hurbilekoa edo urruna,
ederra baita. Orduan konturatzen gara zer dugun eta zer ezin dugun
galdu. Lehen kontaktuarekin bakarrik, konexio bat sortzen da, eta
hori desegitea zaila da.
Toberiako Ur-jauziak (Andoin, Araba)
Naturaren behaketak argazkigintzarekin bat egitean, naturarekiko sentsibilizazioa lantzeko tresna eraginkorra bihur daiteke. Harrapatutako une bakar horien laguntzarekin natura behatu, ulertu eta errespetatzeko gai izango gara, natura sentitu ahal izango dugu. Horregatik, Natura Argazkitan-en bidez naturaren argazkiak ahalik eta gertuen hurbiltzen saiatuko naiz. Argazkiak erakusteaz gain, blog honetan natura, paisaia zein bizitza basatia, behatzeko eta momentuak harrapatzeko kontuan hartu beharreko aholku batzuk ematen saiatuko naiz.